Gako-ideiak
Erakusketa ideia nagusi batzuen inguruan osatua izanen da, bisitariarentzat mezu esanguratsuak izan daitezkeenak. Mezu horiek ez dute azalpen "gordinik" izanen (ez dira idatziko…). Prozedura eszenografiko eta teknologiko desberdinak erabiliko ditugu mezu horien irudikatu eta aditzera emateko. Hala, erakusketak daramatzan mezuak norberak bere moduan ulertuko ditu (ala ez). Erakusketan gurutzatuko diren eta honen edukia ehunduko duten gako-mezu horiek hemen aurkezten dizkizuegu.
Euskara : euskal munduen bihotzean
Euskal munduen hasieran, euskara bada.
Mundu horietara sartzea, lehendabizi unibertso sentibera batean murgiltzea da, bertan Europako hizkuntza zaharrenetarik eta misteriotsuenetarik baten doinuak entzuten ahal baitira.
Baina euskararen oihartzunak ez dira hautsez bete erakustoki bateko geletatik ateratzen. Familiaren arragotik ekonomia mundura, eguneroko giza-harremanetatik iraganez, euskara erabili, trukatu, aberastu eta aldatzen da. Haurrek eta gazteek eskoletan ikasten dute. Komunikabideen eremura hedatu da. Gaur egun komunikazio hizkuntza bihurturik, teknologia berrien bidez adierazten da.
Baina milaka hiztunentzat, euskarak emozio karga handia darama, familiaren bidez transmititua ala, ez zekitenen kasuan, nahikari handiz berreskuratua izan dadin.
Zeren Euskal Herrian bizitzen ahal baita euskaraz mintzatu gabe ; alabaina, gaurko Euskal Herria eleaniztasun eremu bihurtu da, bertan euskara, espainiera, frantsesa eta erkidego desberdinen hizkuntzak elkarrekin bizi baitira (gaskoia, arabiera, portugesa… Baionan 32 hizkuntza-erkidego desberdin badira…).
Egoera hori ez da berria : betidanik euskarak harremanak izan ditu beste hizkuntzekin (latinera, iberiera…) eta haien ekarpenez aberastu da, bere berezitasunak galdu gabe.
Hizkuntza trukaketa eta bizipen horietatik kultura pentsatu, sortu eta bizitzeko modu berezi bat atera da, honen jatorrizko moldea oraindik ere euskara baita.
Euskal kultura : aurrera doan oroimena
Inguruko kulturen ekarpenez jabetuz, Euskaldunek beren kultura unibertsoa euskararen inguruan sortu dute. Hala izan da iraganean. Hala da gaur egun, are gehiago hiritartzeak, baserri-hiritartzeak eta trukaketen globalizazioak eragin kulturen arteko « adarkatzeen » garapenarekin.
Hitz horien gibelean kultura bizipen bat ezkutatzen da, arte-errealitate bat kontsumitu baino biziarazten duten emaztek eta gizonek partekaturik : oroz gainetik, euskal kultura parte hartzaile eta herrikoia da. Kultur animazioa ez da ekitaldi folklorikoei mugatzen. Hemen, urtero Zuberoako herri batean, gazteak elkartzen dira urtarriletik apiril arte igandero emanen dituzten « maskaradak » prestatzeko.
Beste toki batean, milaka bolondresek euskal musika lehenetsiko duen rock jaialdi baten antolaketan parte hartzen dute. Halako adibideak ez dira eskas antzerki, dantza, kantu eta musika alorretan.
Eguneroko praktika horiek kanpoko ekarpenei irekia den kultur adierazpen bat moldatzen dute. Musika alorra da, behar bada, tokiko ondare fondoan globalizazioaren ekarpenak integratzeko gaitasun horren ilustraziorik onena : gaur egun, euskal koblarien bertsoak entzuten ahal dira doinu zaharretan eta a capella emanik, ber-denboran euskarazko sorkuntzak, latino, funk edo jazz musikek eragin doinutan kantatzen direlarik.
Oro har, euskal kultura aurrera doan oroimen baten antzekoa da. Bertsolaritzak du hobekien erakusten nola euskal ondarearen kultur adierazpenik tipikoena gaurko munduari egokitu zaion. Mendez mende laborantza mundutik etorri koblariek eramanik, bertsolaritza Euskal Herriko hiriguneetako euskaldun gazteek gehien maite duten adierazpide bihurtu da, beste herrialde batzuetan rap musika bezala. Bertsolari gazte horiek tokiko « izarrak » dira… Eta hauetarik batzuk bertsolaritzaz bizi dira ere.
Azpimarratzekoa da ere herrikoia izateaz gain, euskal kultura beren arteaz bizi diren artisten kultura bat dela, eta artista profesional horiek beren indar guziak eskaintzen dizkiotela sorkuntza garaikideari, nahiz, hemen beste nonahi bezala, artistaren estatutua ezegonkorra izan.
Artista horiei esker, euskal kulturak ere baditu bere izarrak, ikurrak eta jeniozko sortzaileak. Bernardo Atxaga (honen obra 17 hizkuntzatara itzulia izan baita), Kepa Junkera trikitixaren birtuosoa, Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida eskultoreak…
Beren obrak, bakoitza bere moduan, munduan gaindi ibiltzen dira, kultura ondare unibertsala aberastuz.
Nortasun bizikidea
Trukaketen nazioartekotzeak ere euskal kultura paisaia aldatzen du.
Paisaia hori berdinduko ote da, masa-kontsumoak eta hiritartzeak moldatu dituzten gure bizimoduak bezala ? Gure berezitasunak erabat baztertu beharko ote ditugu ? Ez da batere ziur, zeren teknologia berriek sortu nonahitasun sentimenduak zentzu-keta eta erreferentzien beharra areagotzen baititu gure baitan, lurralde nortasunari buruzko gure ikusmoldeak aztoratzen baditu ere,.
Euskaldunek, munduko beste tokiko nortasun anitzek bezala, jakin izan dute aldaketa horiei egokitzen eta beren nortasun-ondarea moldatzen, berezitasunak eta unibertsaltasuna uztartuz.
Gaur egun, egokitze hori nortasun-polimorfismo batek irudikatua da, euskal kultura bizitzeko modu desberdinak sortu dituena.
"Euskal sentimendu" baten gibelean, kultura eta hizkuntza bizipen mosaiko batek ondoko pertsonak elkartzen ditu :
- XIX. edo XX. mendean Kalifornia edo Argentinara atzerriratu zen euskal artzainaren ondorengoa, Euskal Herrira sekulan etorri ez dena, euskara ez dakiena.
- Andaluziar etorkinaren semea, Euskal Herriko hiriburu ekonomikoa den Bilbon hazia, bertsolari bihurtua (euskara eskolan ikasi eta ezin hobeki menperatzen duena).
- Baionan bizitzera etorri den paristar gaztea, euskara gau eskolan ikasten duena.
- Dantzari gisa, bere herriko pastorala suharki prestatzen duen zuberotar gaztea (euskaraz hitz egiten ez dakiena).
- Euskal Herrian sortu lizeoko ikaslea, gurasoekin ttipitatik euskaraz mintzatzen dena.
Bistan dena, arketipo horien nortasunak ez dira hetsiak : baliteke amerikar eta euskaldun, euskaldun eta zuberotar, andaluziar, espainiar eta euskaldun aldi berean izatea. Nortasun "adarkatze" horiek dute gaurko kultura unibertsala egiten, sare-kulturen mugak gaindituz.
Gaurko euskal nortasuna trukaketa-eremu ireki eta bizikidea da, erkidego berakoa izateko sentimenduaren inguruan eraikia. Euskalduna, euskaldun izan nahi duena da.
Orduan euskal kultura bizikidetasun baten eramalea da. Eta eramale honi, euskarak dio bere esanahi guzia ematen.
"Unibertsala, tokikoa da paretak kenduta" - Miguel TORGA
Multimedia erakusketa
Prozedura teknologiko eta interaktibo anitzek euskal munduen ikuspegi moderno eta berdingabe bat eskaintzen dute.
Bidaia sentikorra, unibertso soinudun eta bisual baten bihotzean, gaurko artista, argazkilari, idazle, musikari eta errealizadore batzuen ikuspegi gurutzatuek osatu kaleidoskopo baten pare...
Erakusketa honek Euskal Herriko eta diasporako euskal munduen gaurko aipamen eleaniztuna euskaraz, frantsesez, espainolez, inglesez eskaintzen du.
Lotura baliagarriak


