Bordele Euskal munduen bidegurutzean
Lehen aldikotz, Euskal Herriko hiri nagusienetarik iragan ondoan, "Batekmila - Euskal munduak" erakusketa Euskal Herritik kanpo erakutsia izanen da, Bordelen hain zuzen, 2008ko irailaren 29tik urriaren 15era, "Halle des Chartrons" erakusgela ederrean. Karia horretara animazioak izanen dira ere.
Euskal Herria zeharkatu ondoan (2007ko ekainean estreinatua izan zen Baionan), "Batekmila - Euskal munduak" erakusketa multimedia Bordelera doa, Bordeleko hiriak eta hango Euskal etxeak gonbidaturik.
Ezarpen honekin batera zonbait berritasun agertuko dira:
- Bideo-muntaketa berri bat, murgiltze eremurako egokitua, euskal munduen alderdi ezberdinak molde sentikor batez ilustratuko dituena.
- "Le Laboratoire des craies" deitu dokumental baten zatia (13 minutu), Francesca Bartellini filma egileak ekoiztua. Filma horretan, Ramon Lazkano euskal konpositore famatuak musika sorkuntza bat egin du, Jorge Oteiza eskultorearen obrak oinarritzat hartuz.
- Gabrielle Duplantier argazkilari profesionalaren zonbait argazki, bere Ikuspegi goxoak erakusketatik hartuak.
Erakusketaren inguruko animazioen programa osatua izan da ere bai Bordeleko Euskal etxearen laguntzarekin.
"Batekmila - Euskal munduak" erakusketa Halle des Chartrons, erakusgelan ikusgai dago, irailaren 29tik urriaren 15era, egun guziz, 11:00etatik 19:00etara. Sartzea urririk da.
Xehetasunak:
- Batekmila - Euskal munduak erakusketaren webgune ofiziala
- Batekmila Bordelen - Animazioen egitaraua (PDF - 900 ko)
- http://www.bordeaux.fr
- http://maisondesbasques.free.fr
"Batekmila - Euskal munduak" UNESCO-ren labela eskuratu du Hizkuntzen Nazioarteko Urte kari. Xehetasunak




